lunes, 31 de diciembre de 2007

WEB 2.0

Web 2.0

Zer da Web 2.0 ?

Behin baino gehiagotan ikusi, entzun, edo irakurri dugu azkenaldian. 2.0 kontzeptua indarra hartzen ari da etengabe. Han eta hemen aurkitzen dugu. Eta egun, Web 2.0rekin Interneten inguruan sortu kontzeptua testuinguru guztietan aplikagarria dela dirudi: politika, publizitate edo herri. Web 2.0 edo Internet 2.0tik, Politika 2.0, Publizitatea 2.0 eta Euskal Herria 2.0 ere sortu dira. Eta Enpresa 2.0, Kazetaritza 2.0, Hezkuntza 2.0, eta Liburutegia 2.0. Baita Euskara 2.0 ere. Baina, dena izan daiteke 2.0? Eta zer da, berez, 2.0 kontzeptua? Zer suposatzen du? Eta zer darama bere barruan?

Interneten ibiltzen bazara, konturatuko zinen 2.0ak alde guztietan daudela. Baina, ba al dakizu zer esan nahi duen zenbaki zehatz horrek? Bertsioren bat, edo? Ba ez... edo bai, baina baita hori baino askoz gehiago ere. Interneten bigarren belaunaldiak Web 2.0 izena hartu du —O´Reilly Mediak proposatutako terminoa—, eta, izenak ez ezik, belaunaldi horrek berak arrakasta izugarria izan du. Horregatik dabiltza 2.0ak bolo-bolo.

Web 2.0 O´Reilly Mediak 2004. urtean erabiltzaileen partehartzean eta informazio elkartrukaketan oinarritzen diren Interneteko web zerbitzuak definitzeko sortutako terminoa da. Termino honen erabilerarekin, Interneten bigarren generazioa dela esan nahi da. Talde honetan sailkatu daitezke Webgune sozialak komunikaziorako tresnak eta folksonomiak, erabiltzaileen artean lankidetza eta informazioaren elkartrukaketa azkar batean oinarritzen direlarik.

Izan ere, jendearen parte-hartzean eta informazio-trukean oinarrituak dauden web-zerbitzuek osatzen dute Web 2.0. Web gune eta atari tradizionaletan, haietako editoreek edo Webmasterrek lantzen dituzte edukiak, eta erabiltzaileak kontsumitzaile soilak dira. Hau da, egunkari batek, adibidez, bere webgunean bere berriak jarriko ditu, eta zuk berri horiek irakurri ahal izango dituzu, eta kito, hor bukatzen da web gune tradizionalen bidea. Web 2.0ren kasuan, berriz, zuk irakurri duzun berriari buruzko iritzia eman ahal izango duzu, besteena ezagutu, eta, are gehiago, zu zeu izan zaitezke kazetari eta nahi dituzun berriak eman, edo beste batek idatzi duena osatu, zure jakintza besteenari gehituz. Horrela, esan daiteke Web 2.0 gune sozial bat dela, non edonork bere lekua izan dezakeen. Guztiok izan gaitezke eduki-sortzaile WEB 2.0an.

Erabiltzaileak dira, beraz, Web 2.0ren bihotza, eta, parte-hartzea, komunikazioa, trukea eta kolaborazioa arima. Eta, noski, horri guztiari gorputza emateko, ezinbestekoak dira hainbat tresna:RSSak, Wikiak, blogak...

Web 2.0ri esker, komunikazioa ireki egin da sarean, eta horrek, besteak beste, askatasuna ekarri du. Lehen, informazioa gutxi batzuek maneiatzen zuten, baina orain, ia edonork komunikabideek adina indar izan dezake. Lehen irentsi soilik egin zitekeen informazioa, orain, kontrastatu egin daiteke, jendearen iritzia ezagutu eta nork berea eman, publizitate engainagarriari aurre egin, eta abar. Azken finean, informazioaren demokratizazioa ekarri du Interneten belaunaldi berriak.
2.0 eta gisako zenbaketa sistemak softwaregintzan edo programa eta aplikazioen garapenean erabiltzen dira gehien. Zenbaketak programa baten bertsioa definitzen du. Pentsa dezagun lehen bertsioa 1.0 dela. Jasaten duen aldaketa edo eguneratze bakoitzeko zenbakia gorantz doa. Aldaketa txikia bada, 1.1 bertsioa kaleratu daiteke. Baina aldaketa handiek 2.0 bertsioa ere eragin dezakete, salto bakar batean.

Beraz, 2.0 kontzeptuak iraultza teknologiko bat suposatzen du. Jauzi bat. 2.0k egoera eta zerbitzu berritzaileak dituen eremu eguneratu bat dakarkigu. Politika 2.0 politikaren munduan aldaketa definitzen duen kontzeptua da: besteak beste, jendartearen aldaketa, parte hartzea eta sentsibilizazio bideen eraldaketa oinarritzat dituen politikaren bigarren belaunaldia zehazten du. Berdin Publizitatea 2.0. Publizitatea 2.0 kontzeptuak publizitate jardueren eta jendearengana iristeko modu berri eta ezberdinen fasea aurkezten digu. Zerbait aldatu da jendartean, eta ondorioz, zerbait aldatu behar da publizitate estrategian. Kuriosoa gerta dakiguke zenbaketa sistema teknologiko bat bizitzako arlo guztietan aplikatua izatea. Baina ez da kasualitatea. Kausalitatea baizik: teknologiak bizitzako esparru guztiekiko zeharkakoak dira; arlo guztietan aplika daitezke, eta gutxien espero dugun esparruetan ere erabiltzen dira. Teknologia berriak eta Internet gure bizitza eta bizitzeko modua aldatzen ari dira: gustatu edo ez; konturatu edo ez. Jendartea erabat aldatzeko gai diren tresna berri eta indartsuak ditugu eskura. Eta aldaketa ematen ari da, etengabe, ezeren edo inoren zain egon gabe.

Orokorrean esanda, Web 2.0 kontzeptua aipatzen dugunean, erabiltzaile multzo baten inteligentzian oinarritzen diren aplikazio eta weborriez ari gara, horren bitartez sareko zerbitzu interaktiboak ematen ditugularik, funtsean, erabiltzaileari bere datuen kontrola eskaintzen zaiolarik.

Laburbilduz, 2.0 horrela uler dezakegu: "Datu base batetan oinarritzen diren Interneteko zerbitzu eta tresnetaz ari gara, berauk zerbitzuaren erabiltzaileengatik aldatua izan daitekelarik, bai bere edukien aldetik (aurretik dagoen informazioari informazioa gehituz, aldatuz edo ezabatuz edo metadatuak erlazionatuz), aurkezteko eran edo eduki eta moduan aldi batera."(Ribes, 2007)

No hay comentarios: